Turismoa

2026ko enoturismoko onenak: Araba distiratsu Best Of Wine Tourism sarietan


Arabako Faustino upategien, Viura hotelaren eta Los Parajes ostatuaren legatua nabarmentzen da Best Of Wine Tourism 2026 sarien irabazleen artean, Palacios Vinos de Finca-Nivarius-Proeliorekin, Las Lías jatetxearekin, Brittany Ferriesekin eta Ramón Bilbao upategiekin batera. 
Epaimahaiak aipamen berezia egin dio Mañuetako (Araba) Amador García upategiari, eta, hala, zortzi saridunen artean Arabako lau proiektu saritu ditu. 

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 9a — Errioxako Haro herrian izan zen asteazken honetan Best Of Wine Tourism 2026 sariak banatzeko ekitaldia, Great Wine Capitals -Ardoaren Hiriburu Handien Munduko Sareak (GWC) emanak. Sari horiek nazioarteko sare horretako kide diren lurraldeetan egiten diren enoturismo-ekimen onenak saritzen dituzte urtero, eta nazioartean enoturismoko ospetsuentzat jotzen dira. 

23. edizio honetan, Araba protagonista izan da, hiru sari nagusirekin eta aipamen berezi batekin. Hori dela eta, ezbairik gabe esan daiteke enoturismo globalaren esparruan lurralde dinamikoenetako eta ospetsuenetako bat dela. 

Gala Bodegas Bilbaínas upategian egin zen, eta aurten hiru sari jaso ditu (eskualdeko saria, nazioartekoa eta People 's Choice Award saria). Ekitaldian sektoreko 200 profesional baino gehiago bildu ziren, Arabatik, Bizkaitik eta Errioxatik etorriak. 

 

Erakundeen presentzia eta sektoreari laguntzea 

Bertan izan ziren, besteak beste, Gonzalo Capellan Errioxako Gobernuko presidentea, José Luis Pérez Pastor Kultura, Turismo, Kirol eta Gazteria sailburua, Saray Zárate Arabako Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzako foru diputatua, Gregorio Rojo Arabako Merkataritza Ganberako presidentea, José Ignacio Zudaire Bilboko Merkataritza Ganberako presidentea eta Eduardo Luis de Olloqui Errioxako Merkataritza Ganberako presidentea. 

De Olloquik eman zion hasiera ekitaldiari, eta ondoren Great Wine Capitalseko Batzordeko lehendakari Juan M. Saenz de Buruagak hartu zuen parte, bertaratuei ongietorria emateko. 

 

Best Of Wine Tourism 2026 sarien irabazleak 

Sektoreko profesionalek eta kazetari espezializatuek osatutako epaimahaiak zazpi sari eman zituen hainbat kategoriatan, aipamen bereziaz gain: 

 

Best Of Sariak arkitektura, parke eta lorategi arloan: Faustino Upategien legatua (Oion, Araba) 

Upategi historiko baten birgaitze errespetutsu eta berritzailea aintzatetsi da, bisitarien zentro berria nabarmenduta; izan ere, inspirazio industriala izateaz gain, paisaian behar bezala integratzen da, energetikoki eraginkorra da eta "Planet 1.0" zigilua erdietsi du. 

 

Best Of Sariak arte eta kultura arloan: Viura Hotela (Eskuernaga) 

Esperientzia murgiltzaile bati emandako saria, egonaldia ibilbide artistiko eta sentsorial bihurtzen baitu; izan ere, espazio bakoitzak introspekziora eta edertasuna ikuspegi berrietatik berraurkitzera gonbidatzen du. 

 

Best Of Sariak ostatu arloan: Los Parajes Ostatua (Guardia, Araba) 

Arabako Errioxako historia, gastronomia eta ongizatea uztartzen dituen hotel xarmagarri bati emandako saria. Enoturismoak lotura emozional iraunkorrak nola sor ditzakeen erakusten duen adibide bat.

 

Best Of Sariak jardun jasangarrien arloan: Palacios Vinos de Finca - Nivarius - Proelio (Nalda, Errioxa) 

Epaimahaiak aintzat hartu zuen jasangarritasunarekin, paisaia tradizionala berreskuratzearekin eta turismo azpiegitura berriak errespetuz integratzearekin duen konpromisoa, hala nola wine taberna eta ekitaldien egoitza. 

 

Best Of Sariak esperientzia gastronomikoen arloan: Las Lías jatetxea (Bilbo, Bizkaia) 

Saria jaso du, asmorik gabeko baina maila handiko produktu-sukaldaritza eskaintzeagatik, ardo-karta dinamiko batek, gertu-gertuko zerbitzuak eta jankidearen esperientzian buru-belarri murgiltzen den talde gazte batek behar bezala lagunduta.

 

Best Of Sariak enoturismoko zerbitzuen arloan: Brittany Ferries (Bilbo, Bizkaia) 

Erresuma Batuko eta Irlandako bidaiarien artean lurraldea sustatzen egindako lanagatik aintzatetsia, itsas konexio eko-arduratsuen eta turismo enologikoa sustatzen duten tresna digitalen bidez. 

 

Best Of Sariak esperientzia berritzaileen arloan: Ramón Bilbao upategiak (Haro, Errioxa) 

Bere burua berrasmatzeko gaitasunagatik saritua, 100 urte baino gehiagoko historiaren ondoren. Esperientzia sentsorial berriak, murgiltze ibilbideak eta Errioxako ardoaren esentziarekin bat egiten duten proposamen artistikoak. 

 

EPAIMAHAIAREN AIPAMEN BEREZIA 

Amador García upategiak (Mañueta, Araba) 

Epaimahaiak nabarmendu nahi izan du familiak enoturismo hurbilaren aldeko apustua egin duela, benetakoa eta bereziki haurrei eta familiei zuzendutakoa, ardoari eta mahastizaintza eta ardogintza arloko kulturari lotutako balioetan oinarritutako hezkuntza txikitatik sustatuz.
 

Partekatu

Joan hona Berriak
Aukeratu Arabako Ganberarekin harremanetan jartzeko modua
Informazio eskaera

Bidali zure kontsultak formularioaren bidez. Lehenbailehen erantzungo dizugu. Eskerrik asko!