
Bilera Kanadako enbaxadarekin eta Arabako enpresekin Arabako Ganberan
Jeffrey Marder enbaxadorearen bisitak harreman ekonomikoak estutzeko eta Kanadaren eta Arabako enpresen artean negozio-, inbertsio- eta berrikuntza-aukera berriak aztertzeko aukera ematen du

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 27a. Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganberak topaketa instituzionala egin du gaur goizean Kanadak Espainian duen enbaxadore Jeffrey Marder jaunarekin, Arabako Foru Aldundiarekin batera Álava Welcome programaren barruan, lurraldeko nazioarteko harreman ekonomikoak sustatzeko.
Jardunaldia Arabako Ganberaren egoitzan egin da, eta bertan izan dira erakundeko presidentea, Gregorio Rojo jauna, eta Ekonomia Garapenaren eta Berrikuntzaren foru diputatua, Saray Zarate, enbaxadoreari ongietorria eman diotenak; biek ala biek azpimarratu dute zer-nolako garrantzia duen Kanadaren gisako herrialde estrategikoekin loturak indartzea.
Bere hitzaldian, Jeffrey Marder jaunak bi lurraldeen artean aldebiko lankidetzarako dauden aukera ugariak azpimarratu ditu, eta positiboki baloratu du hainbat sektoretako konbergentzia, bai eta I+G+B laguntzeko sistema intentsiboaren antzekotasunak ere. "Elkarrekin jarrai dezakegu bazkide gisa. Gure 'partnershipa’ indartzeko abantailak daude" adierazi du enbaxadoreak.
Arabako Ganberaren aurkezpen bat ere izan da jardunaldian, Arabako ekonomiari eta Kanadarekiko egungo loturei buruzkoa. Bestalde, enbaxadako merkataritza agregatuak, Fernando Goñi jaunak, herrialdeko negozio-, inbertsio- eta berrikuntza-aukerak zehaztu ditu, eta funtsezko sektoreak nabarmendu ditu: energia berriztagarriak, industria aeroespaziala, bioteknologia, adimen artifiziala, azpiegiturak, ura, mugikortasun iraunkorra eta nekazaritzako elikagaien sektorea.
Kanada interes handiko merkatua da Arabako enpresentzat, batez ere CETA akordioa indarrean sartu ondoren. Akordio horrek Europako konpainien kontratazio publikorako sarbidea erraztu du, eta 32.700 milioi eurotik gorako esleipenak eragin ditu azpiegituren esparruan, 21.900 milioiko lizitazio berriekin.
Jardunaldia 12:00ak inguruan amaitu da, erakundeen eta enpresen ordezkarien arteko zuzeneko trukea ahalbidetu duen solasaldi oparo baten ondoren, Arabak nazioartekotzearekin eta kanpoko merkataritza-harremanak indartzearekin duen konpromisoa berretsiz.
Joan hona Berriak