Arabak ardatz logistiko atlantikoaren erreferente gisa duen papera nabarmendu da 2025eko Transmodal foroan
EAEko logistika intermodaleko foro nagusiaren XVII. edizioa ospatu da Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganberan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 13a. Transmodal 2025 ekimenaren beste edizio bat ospatu da gaur Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganberan. Aurten, tren-autobideak izan dira hizpide, ardatz atlantikoaren irtenbide estrategiko gisa.
Gregorio Rojo ganberako presidenteak eman dio hasiera jardunaldiari, eta nabarmendu du “Transmodal EAEko logistika sektorearen ezagutza-, harreman- eta eztabaida-foru nagusia” dela. Rojok azpimarratu duenez, ganberaren eta Bilboko Portuko Agintaritzaren arteko lankidetzaren emaitza da: “ekitaldia antolatzetik haratago doan aliantza estrategikoa da; agerian uzten du proiektu partekatuak bultzatzeko eta gure lurraldea hazteko beharrezkoa den inbertsioa erakartzeko elkarrekin lan egitearen garrantzia”.
Presidente gogorarazi duenez, “trenbidea jada ez da salgaien garraioaren etorkizuna: oraina da”, eta EAEko industriarentzako alternatiba jasangarri eta lehiakor gisa duen rola defendatu du. Halaber, adierazi duenez, “tren-autobideak ardatz atlantikoaren irtenbide logistikoa dira; izan ere, horien bidez, kamioiak errailetan jar daitezke, literalki”. Hala, enpresei “trenera igotzeko” eskatu die, “eredu hori erabat garatu ahal izateko”.
Horrez gain, “Euskal Y-a eta Iruñea Gasteiz eta Arabako Lautadaren bidez lotzeko lehentasuna” aldarrikatu du Rojok, “aukerarik ekonomikoena, jasangarriena eta logikoena” delako, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren babesa eskertu du, Forondako aireportua, Jundizko terminal intermodala eta antzeko azpiegitura estrategikoak garatzeko konpromisoagatik.
Bestalde, Ivan Jiménez Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak nabarmendu duenez, “tren-autobideek milaka atoi mugitzen dituzte astero Europan, eta Espainian, berriz, garraioaren % 1era baino ez gara iristen”. Horregatik, “horiek bultzatzea EAErentzat aukera estrategiko izugarria” dela uste du.
Jiménezek esan duenez, Bilboko Portua bultzada horren buru izan daiteke kokaleku pribilegiatuari esker —konexioak ditu Erresuma Batuarekin, Irlandarekin, Eskandinaviarekin, AEBekin eta Europa iparraldearekin—, baita barne trenbide-egiturari eta jasangarritasunarekin eta berrikuntzarekin duen konpromisoari esker. Horren harira, “portuko kai guztiak 2027rako elektrifikatuta egongo direla” gogorarazi du. Jiménezen arabera, tren-autobideek onura asko ekarriko lituzkete: “Europarekiko benetako konexio lehiakorra, enpresentzako kostu eta emisio gutxiago, gure lurraldearentzako lehiakortasun handiagoa eta portuaren eta hiriaren arteko bizikidetza hobea”. Amaitzeko, esan du “trenbide-autobideak ez direla proiektu logistiko bat soilik, baizik eta erabaki estrategiko bat EAErentzat”.

Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Mugikortasuneko sailburuorde Miguel Ángel Páezek “eragile guztien arteko elkarrizketaren beharra” azpimarratu du, “garraioaren deskarbonizazioan aurrera egiteko”, eta “karbono-aztarna murrizteko trenbideak duen funtsezko zeregina” nabarmendu du.
ADIFek Jundizen intermodalitatea bultzatzeko egin duen ahalegina aitortu du Páezek, eta funtsezko hainbat proiektuak azpimarratu ditu; esaterako, Gaintxurizketako Plataforma Logistiko Intermodala. Horrez gain, txalotu egin du Frantziak abiadura handiko sarea Hendaiako eta Irungo mugarekin lotzearen inguruan Europar Batasunak egin duen adierazpena.
Bestalde, Ramiro González Arabako diputatu nagusiak dioenez, “Araba Europa hegoaldeko nodo logistiko handia bihurtu behar da”. Gonzálezek gogorarazi du aldundiak hamarkada bat daramala logistika bere jardueraren erdigunean jartzen, “ez baita sektore bat bakarrik, lehiakortasunerako funtsezko elementu bat baizik”. Ramiro Gonzálezek garrantzitsutzat jo Arabako ekosistema logistikoa (Forondako aireportua, gaitasun handiko sarea eta industria-sare sendoa), eta, amaitzeko, etorkizunaren inguruan duen ikuspegia partekatu du, “ardatz atlantikoa garraio-korridore ez ezik, oparotasuneko, jasangarritasuneko eta etorkizuneko korridore izateko amets partekatua” aipatuta.

Jardunaldiaren lehen panelean, José Antonio Sebastián Atlantikoko Korridorearen mandatariak gaur egun martxan jarri nahi diren trenbide-autobideen proiektuak zehaztu ditu, besteak beste, Algeciras–Zaragoza, Azuqueca–Valladolid–Burgos–Jundiz korridoreak, Portugalekiko mugaz gaindiko konexioa eta Vigoko portua Madrilekin, Zaragozarekin eta Bartzelonarekin lotzen duen linea. Horretarako, azaldu duenez, “2025ean 3.023 milioi euro inbertitu dira, eta 2026an 3.000 gehiago inbertituko dira”.
Bestalde, salgaien garraioaren sustapenerako ADIFeko zuzendariordeak nabarmendu du beharrezkoa dela tren-autobideak fidagarriak eta erregularrak izatea, baita prezio doituak izatea ere, enpresentzat errentagarriak izan daitezen. Aguilarrek salgaien errepideko trafikoak dituen arazoak xehatu ditu, hala nola “kostuen igoera, gidari falta eta deskarbonizazio beharra”. Horretarako, ADIFek trenbideetan jarduteko asmo handiko programa bati ekin dio, galiboak salgaien trenen altueretara egokitzeko, terminalak hobetzeko eta salgai mota guztietara egokitutako bagoi berriak erosteko.
Arrakasta-kasuen panelean, Transitalia eta EcoRail konpainietako ordezkariek intermodalitateko benetako ereduak erakutsi dituzte. Juan Carlos Arocak, Transitalia enpresako Iberiar Penintsularako zuzendariak, aditzera eman du bere enpresak 25 urte baino gehiago daramatzala intermodalitatearen aldeko apustua egiten. Azaldu duenez, merkantzia itsasontziz eramaten du Italiatik Valentziako porturaino eta trenbidez garraiatzen du Madrileraino —handik egiten baitu azken banaketa—. Aroca eragiketa horren abantailetaz aritu da, eta “hazi nahi duen edozein enpresak intermodalitatean oinarritu behar duela” adierazi du.
Bilboko Portuari buruzko hurrengo panelean, Andima Ormaetxe Bilboko Portuko Agintaritzako eragiketa, merkataritza eta logistikako zuzendariak Bizkaiko azpiegitura deskarbonizazioaren alde egiten ari den apustua azpimarratu du. 2025ean 88 milioi euro inbertitu ditu kaiak elektrifikatzeko, energia berriztagarria sortzeko eta enpresei eragiketa logistikoen karbono-aztarna jakinarazteko aplikazio bat garatzeko.
Ormaetxerekin batera, Mikel Ramasco izan da, Finnlines enpresa finlandiarreko saltzaile managerra. Emisio txikiko ontzi hibridoen bidezko garraioan dago espezializatuta enpresa, zehazki, Europa hegoaldearen eta Baltikoko herrialdeen artean. Hala bada, enpresaren esperientziaren inguruan aritu da Ramasco.
Jardunaldiari amaiera emateko, mahai-inguru bat egin da trenbideko garraioak dituen erronkei buruz. Bertan izan dira Iñaki Ochoa, Echavarri Plant Pepsicoko land managerra; Nuria Lacaci, Espainiako Zamaketarien Elkarteko idazkari nagusia; Andima Ormaetxe, Bilboko Portuko Agintaritzako eragiketa, merkataritza eta logistikako zuzendaria; Samuel Nevado, TRANSFESA LOGISTICS/DB CARGOko garraio alorreko zuzendari nagusia, eta Javier Jaso, AECOC elkarteko garraio arduraduna. Mahai horretan, adituak bat etorri dira bezeroen masa kritikoa sortzeko beharrarekin, tren-korridore errentagarriak garatu ahal izateko, enpresetan kultura-aldaketa sustatzeko, intermodalitatearen aldeko apustua egin dezaten garraio osagarri gisa, eta konfiantza sortzeko trenbide-sisteman, azkarra eta fidagarria izan dadin; izan ere, orduan batuko dira enpresak trenbide-sistemara.
Joan hona Berriak
